XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bata kontrolatzailearena eta bertzea, Euskal Herrian behinik behin, frankismoaren aurkariarena.

Donostiakoa, Bilboko Fax, Gasteizko Cine Forum, Tuterako Muskaria, Tolosako Fides, Laudiokoa, Lizarrakoa... zinema ez-komertziala eta asterokoa baino jasoagoa ekartzen saiatu ziren, eta zentsuraren azpitik kontrabanda ederrik ere egin zuten.

Zineklubak eztabaida leku izan ziren, arteaz eta bizitzaz jarduteko batzar txipiak.

Haietan tarrotu zen zinemagile sorta bat.

Irungoan Basterretxea, Oteiza eta Larruquertek egin zuten topo, Donostiakoan Querejeta eta Ezeizak... 80 Zineklubei buruzko datuak Koldo Larrañagak Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco obrarako eginiko Cinematografía ataletik hartuak daude.

Gotzon Elortza delineante zebilen Parisen eta euskararen kezkaz iritsi zen zinemara.

Kamera bat erosi zuen, 16 mm.koa, eta 1960-64 bitartean Bizkaian barrena ibili zen emaztearekin, hiru dokumental buruturik: Ereagatik Matxitxakora, Aberria eta Erburua: Gernika, Parisen zeuden Iparraldeko emigratuei Hegoaldea erakusteko helburu xume eta ederrarekin...

Zinema, nehoiz disolbagarria izan bazen, kohesiogina zen orain.

Elortzak Avignon egin zuen gero diglosia oro gainditurik, Frantziako hiri ederrari buruzko dokumental hau ere euskaraz burutu baitzuen.

Kritikarien arabera dokumental hauek artisau mailakoak dira, primitiboak (kritikari erdaldunen arabera, erran gabe doa).

Egilearen xedea, alabaina, euskara pantaila handian ahalbait denbora luzeenaz entzun zedila zen, bertzerik gabe...

Elkar ikusi, elkar entzutea, horixe zen garai haietako nahikundea.

Guretako hutsak zeuden pantaila haiek betetzea.

Iduriz, hitzez.

Erdaldunek ez bezala, euskaldunok halako gose historikoa dugu non ogi kozkor bat ematen diguna heroia baita, badakigulako, gutarikoek ekartzen ahal diguten den mendren bihia ere, beti, beti, neke handiren gerokoa dela... eta asko alditan etsaiari kendua!

Abenduaren 15'an Baiona'ko Euskal Idazkaritzan lau euskal pelikula erakutsi zituzten.

Mintz oiek egin dituana Gotzon Elortza da.

Bilbotarra bera jaiotzez.

Eztu lan makala egin.

Arritzekoa da nola iritxi duan onelako lan nekeza burutzea.

Aurreneko pelikula edo mintza Bilbo erakusteko egiña da.

Bizkai'ko uriburua ta inguruak ederki erakusten ditu euskal itzez adieraziak.

Bigarrenak Avignon azaltzen digu.

Bide batez, noiz Aita Santuak an egon ziran adierazten digu.

Irugarrenak euskal nekazari etxetako bizitza erakusten digu.

Ta nolako zirrada sortzen duten pasa-aldi batzuek!

Laugarrenak Gernika du bere azalgarri.